XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Koloreari buruzko irakaskuntzaren egokitasuna Euskalerriko testuinguruan

Txema Preciado Saez de Ocariz

Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktika Saila

Gipuzkoako Irakasle Eskola

0. SARRERA

Edozein maila izanda, irakaskuntzan dihardugunon artean eta Plastika edo antzerako izen orokorrekin ezaguna den irakasgaia dugunok ikasturtero halabeharrez kolore gaia planteiatzen dugu, eta hau Eskolaurre eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko lehenengo mailetatik arlo honetan gorengo maila den Arte Ederren Fakultateraino.

Gauden testuingurua kontutan hartuz eta gai honen irakasle naizen neurrian, ohartaratua nago, ikasle zein irakasleen artean, koloreari buruz dagoen ezjakintasun bikoiztuaz: alde batetik gaiari berari dagokiona (fenomeno hau zer den, nola sortzen den, ea bizidun oroengan hedatuta dagoen,...) eta bestetik, euskaldunak eta euskal kulturan partehartzaileak garen heinean, kolorearen alde kulturalari dagokiona, hots, euskal kulturak berezko hautematea (izan) duenaz ohartzea / ohartaratzea.

Lehenengoari buruz (askotan hutsune nabarmenik izanda ere) ez naiz arituko, gehiegi baita hau bezalako lan mota batentzat (besterik ez bada ere, kontutan har dezagun ikuspuntu orokorraren pean aztertu beharra dagoela).

Bigarrenari buruz, ordea, arituko naiz artikulu honetan, bi arrazoi nagusi direlarik: ikasle bezala bizi ahal izan dudan moduan eta baita ere irakasle gisa ezagutu ahal izan dudan bezala, gai hau ez da, oro har, planteiatzen, ezerezaren hurrena izango balitz bezala utziz eta zerbait aipatzekotan, oso aparteko kultura batzuetako adibideren bat edo beste ematen da, ez besterik.

Bestalde, Herri bezala gure buruaren jabe nahi izanez gero, zer garen zer izan garen jakitea funtsezkoa da zer nahi dugun izan jakiteko.